EHUn medikuntza euskaraz ikasteko «konpromisoak» eskatu dituzte (Berria)

Bi egunez, 95 ikaslek itxialdia egin dute Leioako campusean, eta medikuntza ikasketak euskalduntzea exijitu

EHUko Medikuntzako 95 ikaslek «konpromiso zehatzak» eskatu dizkiote dekanotzari, ikasketa horiek euskaraz egiteko aukera bermatze aldera. Medikuntza euskalduntzearen aldeko ikasleek diote dekanotzak aldarrikapen horri heltzeko «borondatea» adierazi duela aurrez eginiko bileretan, baina salatu dute borondate hutsean geratu dela. Jarrera hori dela-eta eskatu dizkiote dekanoari «konpromiso zehatzak».

Atzo amaitu zen Leioako campusean EHUko Medikuntzako 95 ikaslek bi egunez eginiko itxialdia. EHUn, medikuntza euskaraz ikasteko dituzten trabak salatu nahi izan dituzte horrela, eta, bide batez, eskubide horren bermea aldarrikatu. Bi egunetan, ekintza ugari egin dituzte; mahai inguruak eta informazio orrien banaketa, besteak beste.

Itxialdiaren balorazio «ezin hobea» egin dute ikasleek: batetik, ia ehun pertsona elkartu direlako itxialdian, eta ehundik gora, gainontzeko ekimenetan; bestetik, bi egunetako eztabaidek ondorio nagusi batzuk ateratzeko balio izan dutelako. «Konpromiso zehatzen onarpen publikoa» da horietako bat, baina ez bakarra.

Irakasle euskaldunei EHUk mugitzeko erraztasunak eman beharko lizkiekeela iritzi diote ikasleek. Gainera, euskarazko matrikulazioen jaitsierari erantzuteko, euskarazko plaza kopuru jakin bat mugatzearen aldekoak dira, eta euskarazko zein gaztelerazko plaza kopurua berdina izatea proposatzen dute. Medikuntzako fakultateko ikaslez, irakaslez eta langilez osatutako batzorde bat eratzea beharrezkotzat jotzen dute ikasleek.

Erantzunik ez

Ikasleek BERRIAri jakinarazi diotenez, dekanoak ez die ikasleen eskakizunei erantzun, eta harekin hitz egitera joan direnean, modu txarrean kaleratu dituela salatu dute. Haatik, ez dutela amore emango esan dute: «orain, auziak gaurkotasuna mantentzea da helburua, hilabete bateko kontua izan ez dadin».

EHUn euskaraz ikasteko dagoen bermerik ezaren erakusgarri, medikuntzarena adibide bat besterik ez da, beste hainbat fakultateren egoera are okerragoa dela oroitarazi baitute ikasleek. Horregatik, fakultate ezberdinetako ikasleen arteko elkarlana sustatzearen alde ageri dira.

Izan ere, medikuntzakoak ez dira ikasketak euskalduntzeko eskatu duten ikasle bakarrak. Gasteizko farmaziako fakultatean, elkarretaratzeak egin dituzte astero-astero, aldarrikapen berarekin. Sinadura bilketa bati ekingo diote orain. Ikasketa horretan, irakasgaien hizkuntzaz gain, edukiak ere ez direla euskaldunak nabarmendu dute hainbat ikaslek ohar baten bitartez: «Irakasgai batzuk Euskal Herriari zuzenduta dauden bitartean, beste irakasgai batzuk Espainiari zuzenduta daude, bertakoa ikasiz».

2013-2014 ikasturterako EHU euskalduntzeko planaren arabera, ingurumen zientzietan euskaraz eskaini beharreko irakasgaiak gazteleraz eskaini beharrekoak bezain beste direla ziurtatu dute farmaziako ikasleek, baina egungo egoera helburu horretatik «oso urrun» dagoela ohartarazi dute. Eleaniztasunaren aldeko apustuari egozten diote helburu horietatik urrun egotea: «Lotsagarria deritzogu euskaraz ikasi ezin dugun bitartean, derrigorrezko irakasgaien eskaintzak ingelesez egiteari».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: