Euskara, inbutuan harrapatuta (Berria)

Estua zen inbutua lehendik, eta areago hertsatu da. Espainiako ikasle gero eta gehiagok jotzen dute EHU Euskal Herriko Unibertsitatera, eta ikasle euskaldunei zailago zaie ikasketa batzuk egiteko modua egitea. Hara zer egoera ekarri duen horrek: azken urteetan gero eta gutxiago dira euskaraz ikasten dutenak. Bistakoa da hori datuetan, eta nabariagoa eskari handiko ikasketetan. «Kanpoko ikasleei erraztasunak eman dizkiete matrikulatzeko eta. Aurten, Medikuntzako lehen mailan, 280 ikasleetatik ehun EAEtik kanpokoak dira». Medikuntza Euskaldundu! mugimenduak eman du EHUko egoeraren berri.

Lege aldaketa bat ikusi dute kanpoko ikasleak gehitzearen atzean. Unibertsitateen Espainiako Legea aldatuta, 2008az geroztik barruti bakarra osatzen dute Espainiako, Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako unibertsitateek. Horrek esan nahi du horietako edozein ikaslek duela aukera lau herrialdeetako unibertsitate publikoetan ikasteko. Iazko datuek diote: EHUn ari dira 1.915 espainiar, 123 katalan eta 56 galiziar. Ikasle guztien %5 dira, baina kalifikazio altuena duten ikasketetan pilatzen dira, haien jatorrizko herrialdeetan lekurik ez dutelako eskuratu.

Bertako ikasleen kalterako da hori, lehia handiagoa dutelako ikasketetan lekua lortzeko. Areago, lehen urtea eginda atzera berriro alde egiten dute ikasle batzuek: «Beren lurraldeko unibertsitatean lehen mailan sartzeko izaten dute arazoa. Hori hemen eginda, erraztasunak badituzte beren herrialdeko unibertsitatean jarraitzeko», dio taldeak. Ikasteko postu bat alferrik galduta, beraz: «Lehen mailan lekurik gabe geratzen diren ikasle euskaldunak sartu gabe gelditzen dira».

Euskaraz ikasiko luketenak sartu ezinak eragiten die dobleko kezka: «Kalte egin digu eremu bakarrak, alde horretatik. Euskal Herrian ez ezik, baita Katalunian eta Galizian ere. Elebidun garenoi egin digu kalte», esan du Agurtzane Ortizek, EHUko Medikuntza Fakultateko Euskalduntze dekanordeak. Ez da ikasketa horretan soilik gertatzen —nota altua behar duten karreretan gertatzen da, oro har—, ezta EHUn soilik ere. Katalunian larritu dira arazoarekin, eta neurriak hartzea proposatu dute. Artur Mas presidentea mugatzearen alde azaldua da.

Nola konpondu auzia, koska. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean egin du galdera BERRIAk, eta erantzun diote lotuta dauzkatela eskuak: «Erkidegoek ez dute eskumenik arazoa sortu duen legea aldatzeko. Espainiako Gobernuari dagokio». Kuotak jartzea edo azterketak egitea proposatu izan dute. Oraingoz mugarik ezin dutela jarri azaldu du Ortizek: «Estatu osoko ikasleei eskubide eta aukera berdinak jartzeko arautzen du legeak. Diskriminazioa egin ahalko balitz, izango genuke aukera gure eremuko ikasleak izateko. Baina estatu osorako daude jarrita eskubideak».

Ikasteko zailtasunekin

Unibertsitatean sortu da arazoa, baina gaur edo bihar gizarte osoak jasango du: gutxiago izango dira euskaraz jardun ahalko duten profesionalak, eta, kanpotarrak izanik, batzuek ez dute hemen lan egingo. Kasurako, Osakidetzan.

Eskasiaren arazoa lehendik ere ari dira jasaten unibertsitateko ikasleak. Medikuntzan, adibidez, ikasketa guztiak ezin ditzakete egin euskaraz, maisu-maistrarik ez eta. «Diote ez dagoela irakaslerik, ez direla aurkezten», azaldu du euskararen aldeko mugimenduak. Hori berretsi du Ortizek: «Zailtasunak dauzkagu. Gaitasun altuak eskatzen ditugu, eta hala behar du. Hizkuntz eskaria gehitu behar zaie elebidunei. Gehienetan zaila zaigu horiek betetzen dituztenak aurkitzea».

Egoeraz kezkatuta, azterketa xehatua egin dute ikasleek. Hirugarren mailatik aurrera hasten dira zailtasunak. «Gure eskaria da gutxienez lehen zikloa berehala euskalduntzea. Suposatzen da horretarako baliabideak jadanik badaudela», azaldu dute ikasleek. Ospitaleetako egoera da makurrena, nolanahi ere. Laugarren mailatik aurrera lau erietxetan ikasten dute medikugaiek: Basurtun, Gurutzetan, Txagorritxun eta Donostian. Kredituen araberako azterketa egin dute ikasleek: Basurtun kredituen %40 ikas daitezke euskaraz, Donostian %35 eta Gurutzetan %20; Txagorritxun, ezer ere ez.

Hutsunea badagoela onartu du dekanordeak: «Aukeratu behar izan dugu zein gune euskaldundu. Laurak euskalduntzea oso garestia litzateke». Ortizek dio Txagorritxun ez, besteetan egin dutela ahalegina. Baina haietan ere, erdia ere ezin da euskaraz egin. «Nahi izateak ez du bermatzen han irakasleak izango ditugula».

Egoera horrek ere egin dio kalte euskarazko ikasle kopuruari. «Gaztelaniaz matrikulatutako euskaldunak ere badaude. Jendeak ikusten du laugarren mailatik aurrera gaztelaniaz ikasi beharko duela, eta uste dute errazagoa dela hasieratik egitea gaztelaniaz», adierazi du ikasleen mugimenduak. Tesi horrekin bat dator dekanordea: «Ikasle euskaldunek badakite zein den gure eskaintzaren egoera. Horrek eragiten du». Mediku egoiliar gisa egoteko aldia gaztelaniaz egiteko betebeharrak ere eragina baduela ohartarazi du Ortizek.

Hala ere, kanpotarrak etortzea da arazo nagusia. Ikasleek diote 280 ikasleetatik ia ehun direla EAEtik kanpokoak eta 90 ikasle badirela euskaraz ari direnak. «Kanpotarrak kenduta, 180 horietatik erdiak ari dira euskaraz. Kanpoko ikasleengatik betetzen dira leku gutxiago euskaraz».

Legeak ezarritako egoeraren garrantzia onartu bai, baina dekanordeak uste du goiz dela egoeraren zergatiak zein diren zehatz esateko: «Ondorio orokorrik ezin dugu atera oraindik. Bi urtean gertatu da, baina luzarora zer gertatzen den ikusi behar da».

Baliabideak, murritzago

Arrainak isatsari hozka egin zionekoaren tankera du gaiak: medikurik eta irakaslerik ez, gutxiagok jotzen dute euskaraz ikastera, okertzen ari da eskaintza, eta berriro ez da izango mediku euskaldunik. Datorren urtean euskarazko gela bakarra izango dute bigarren mailan —orain bi dituzte, urteetako eskaria aintzat hartu dietelako—. «Ehun ikasletik gora daudenean bikoizten dira taldeak, eta urte batzuetan heldu gara. Orain, galdu egin da hori», azaldu du Ortizek. Muga bera da euskarazko eta gaztelaniazko ikasgeletan. Egoera bidegabea dela diote ikasleek: «Lehendik murritzak diren baliabideak areago gutxitzea da. Esango dute ez dagoela beharrik baliabideak handitzeko».

Eta, aurrerantzean, zer? Hezkuntza Sailak dio Medikuntzako arazoa konpontzeko bidea izan daitekeela leku gehiago eskaintzea. «Beharra badago osasun sisteman, eta ikasle asko geratzen dira lekurik gabe». Fakultateak inkesta bat egingo du, aztertzeko zergatik jotzen duten ikasleek gaztelaniaz ikastera. Ekimenak egiten segituko dute haiek. Itxialdia hasiko dute etzi, ikasketak euskaraz egin ahal izatearen alde.

http://paperekoa.berria.info/harian/2011-04-02/012/001/euskara_inbutuan_harrapatuta.htm

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: