Homeopatia: zer eskatu beharko litzateke? (I)

Samuel Hahnemann-ek (1755 – 1843), homeopatiaren sortzaileak, garaiko medikuntzari egindako ekarpen handiena gaixoak beren kabuz osa zitezteela proposatzea izan zen. Ordura arteko medikuek izainak, odolusteak eta mila botika erabiliz saiatzen ziren gaixoak osatzen, orokorrean euren heriotza eraginez. Medikuntza heroikoaren garaiak ziren eta gaixotasuna nola edo hala sendatu beharra zegoen, gaixoa bidean hiltzen bazen ere.

Hahnemannek ideia argi bat izan zuen: gorputza bere kabuz senda zedila. Medikua bere ondoan laguntzen eta “energia bitala” indartzen besterik ez zuen egon behar. Gaur egungo medikuntzaren ikuspuntutik onartezina izango litzateke sukarrak jota dagoen gaixo bati (ustez) sufrea daraman produktu bat ematea eta itxaroten gelditzea, baina ziurrenik zentzuzkoagoa zen garai horietan hartzen ziren merkurioz eginiko botikak baino.

Beraz ezin uka dezakegu bere mementuan medikuntza deitzen zen amalgama edo nahaste horretan nolabaiteko bide alternatibo eta ez hain agresiboa eskaini zuela. Gainera, ziurrenik gaixo asko salbatu zituela esan dezakegu, baina medikuntza aurre zientifikoaren garaitaz mintzo gara. Gaur egun onargarria al da hipertentsio pulmonarraz jota dagoen gaixo bati  antimonio disoluzio batean ematea? geure aburuz ez.

1. Terapia osagarria, ez alternatiboa

Epistemologikoki homeopatiak ez du corpus mediko oso bat eskaintzen, alegia, gaixotasun guztien kausa eta tratamendua azaltzen duen teoria orokor bat. Egia esan, hasiera bateko homeopatiak gaixotasun guztiak azaltzeko teoria bat eskaintzen zuen, baina hiru lege horiek homeopata guztiek onartu eta jarraitzen dituzten arren, gehiengoek gaixotasun asko ez tratatzea erabaki dute.

Zer dela eta trata daiteke hipertentsio arterial bat homeopatiaz eta ez biriketako hipertentsio bat? lehena prozesu kroniko motel bat delako eta bigarrena ordea urgentzietara eraman dezakeelako gaixotasuna. Beraz orokorrean larritasunik ez duten gaixotasunetara mugatu ohi dira.

Baina zer gertatuko litzateke homeopata batek bere medikuak jarritako tratamendua uztea gomendatuko balio? hori da edonola ere zeharkatu behar ez den muga. Zoritxarrez noizean behin zeharkatu egiten da:

I) Penelope Dingle(Perth, Australia): koloneko minbizia aurkitu zioten 2003ean, medikuen ustetan ebakuntza eta kimioterapia sesio batzuen ostean guztiz osatzeko aukera guztiak zituen. Peneloperen senarrak ordea Peter Dinglek dieta gogor eta erremedio homeopatikoen bitartez sendatuko zuela esan zion.

Familiak hala eskaturik urrian Deborah Combes, erizain profesionalak Penelope atenditu zuenean minaz jota zegoen, hezurretan eta izerditan blai. Anbulantzian eraman zuten ospitalera, baina dagoeneko beranduegi zen tratamendurako: metastasi gehiegi zituen.

Tratamendu paliatibo baten bitartez 2 urte bizirautea lortu zuen, oraingoan bai, minik gabe. 45 urte zituela hil zen.

II) Eztabaida zientifikoa bultzatzeko helburua duen The Voice of Young Science elkarte britainiarrak 2006ean ikerketa bat egin zuen homeopatek emandako gomendioak aztertzeko. Londreseko 10 klinika homeopatikoetara joan ziren Afrikara joan behar ziren ikasleak zirela esanez eta malariaren aurkako zein botika hartu behar zuten galdetuz.

Klinika guztietako homeopatek erremedio homeopatikoak gomendatu zizkieten eta bestelako botika konbentzionalik hartu behar zutenean galdetzerakoan, ez zela beharrezko erantzun zuten. Ikerketa honek altxaturiko hautsak zirela eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homeopatia HIESA edo malariaren tratamendurako erabili ez zedila aholkatu zuen 2009an.

III) Exert Unibertsitateko Edzard Ernst eta Katja Schmidt 168 homeopatei inkesta bat egin zieten errubeola, parotiditis eta helgorriaren aurka euren seme-alabak txertatu behar zituzten galdetuz. Erantzun zuten 77 homeopatetatik bik soilik gomendatu zieten bakunatzea.

Melbourneko Umeentzako Erreget Ospitalean tratamendu alternatiboak hartu izanagatik ospitaleratu behar izan ziren 39 haur aztertu zituzten: %44 tratamendu medikoa utzi izanagatik ingresatu behar izan ziren eta 4 hil egin ziren arrazoi honegatik. What’s the harm in homeopathy? web orrialdeak azken urte hauetan tratamendu medikoa beharrean homeopatia soilik hartzeagatik kaltetu edo hil diren 437 jaso ditu besteak beste.

Horrek ez du berez homeopatia arriskutsu bihurtzen ziurrenik, tratamendu medikoa jaso izan balute arriskua nabarmenki txikituko (edo desagertarazi) litzateke. Ados, modu osagarrian erabiliz gero ez du inolako kalterik eragingo, baina tratamendu medikoaren ordezko bezala gomendatuz gero arriskutsua da. Hori dela gaixoek homeopatia terapia alternatibo edo ordezko beharrean konplementario edo osagarritzat hartzea eskatu behar dela uste dugu, beste herrialde batzuetan gertatutakoak saihesteko.

Sakontzeko:

  • Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban (itz). Edzard Ernst eta Simon Singh. Elhuyar Fundazioa.
  • Adverse events associated with the use of complementary and alternative medicine in children. Alissa Lim, Noel Cranswick, Michael South. Archives of Disease in childhood.

Adrian Hugo Llorente Aginagalde, Medikuntzako Ikasleen Batzarreko (AEM/MIB) lehendakaria

2 iruzkin

  1. Tontaleriarik ez · · Erantzun

    Homeopatia pitokeri garestia baino ez da. Eta by the way, multinazional suitzar erraldoia bat atzean dago promozioan durutza galanta gastatuz (Boiron). Beraz, bere buruarekin artaburuarena egun nahi duenak askatasun guztia dauka, bainan jakiz dezala erregaliz gorria baino sedanortasun gehago ez duen mejunje bat baino ez ari dela hartzen.
    gehiago jakin nahi duena, bideo elegante hau ikusi dezake:

    Eta mesedez, XXI: mendean gaude, Begoñako andra mariari kandelak jartzea baino terapia eagingabekoagoak ez erabili, otoi.

    1. Ados, BAINA norbaitek administratu edo “diagnosi homeopatikoa” egin behar badu mediku bat izan dadila, gaixotasun larrietan erabil ez ditzan. Eta bereziki garbi utzi beharko litzatekeen honakoa da: homeopatia ez da medikuntza alternatibo bat, terapia osagarri bat izan daiteke gehiengoz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: