Datorren astelehenean, uztailaren 12an, UPV/EHUk 2010-11 ikasturtean ematen hasiko diren gradu ikasketa berrietarako matrikula hasiko da. Graduko ikasleek matrikulatzeko izango duten prozedura nabarmen aldatu da, aurten Unibertsitaterako Sarbide Probak ere aldatu direlako. Selektibitate berri hori lehendabizi egin zen pasa den ekainean, ohiko deialdian, eta ezohiko deialdian gaur bukatu da.
2010-11 ikasturterako ez da noten araberako deialdi orokorrik egingo, orain arte egin den moduan, gradukako deialdiak baizik. Arrazoia hauxe da, selektibitatean fase orokor bat egon da, ikasle guzti-guztiek egin beharko dutena; eta beste fase espezifiko bat, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako nota hobetzeko balio duena. Horregatik, ikasle bakoitzaren azken nota aldatuko da fase espezifikoan egindako gaiek hautatutako graduarekin duten harremanaren arabera.
Hortaz, ikasleei plaza esleitu zaien graduan matrikulatzeko deituko zaie eta gradu hori eskaintzen duen ikastegian egingo dute matrikula (ikasturte honetara arte, hiru matrikula gunetan, campus bakoitzean bana, egiten zen). Lehen onarpen-zerrenda bihar, hilaren 10ean, argitaratuko da. Zerrenda horretan ikasleari plaza bakarra esleitzen zaio gradu bakarrean eta hitzordua jartzen zaio matrikula dadin. Une horretatik aurrera, ikaslea itxaron-zerrendan geratzen da esleitu zaion aukeraren aurreko aukeretan.
Lehenengo matrikula-aldia bukatutakoan (ostegunean, uztailaren 15ean), hutsik dauden plazak errekuperatzen dira, itxaron-zerrendan dauden ikasleei esleitzen zaizkie eta onartuen zerrenda berri bat argitaratzen da. Uztailean matrikularen bigarren epea hilaren 19tik 22ra izango da eta hirugarrena hilaren 26tik 28ra.
Geroago, irailean, matrikula beste epe bat irekiko da, Selektibitatea edo Lanbide Hezkuntza ezohiko deialdian gainditu dutenentzat.